Close

Not a member yet? Register now and get started.

lock and key

Sign in to your account.

Account Login

Forgot your password?

Gu ere Euskararen alde!

2018/05/08

Duela 100 urte, 1918. urtean hain zuzen ere, egin zuen Eusko Ikaskuntzak bere I. Kongresua, eta horrek eragin zuen Euskaltzaindiaren jaiotza, 1919. urtean. Eta duela 50 urte, 1968an, Euskaltzaindiak Arantzazuko batzar sonatua egin zuen, euskara batuaren sorreran funtsezko mugarri eta urratsa izan zena.

1978. urtean Euskaltzaindiak berak antolatu zuen Bai Euskarari kanpaina erraldoia eta arrakastatsua, eta San Mamesen 40.000 lagun elkartu zituen euskararen alde. 20 urte geroago, 1998an, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ekimen hura eta mezua bera berritu egin zituen, orduan ere Bai Euskarari izeneko kanpainaren bitartez, eta Euskal Herriko bost hiriburutako estadioak jendez lepo bete zituen, beste mugarri bat ezarriz.

Gertaera horien urteurrenak direla-eta, 2018a urte oso esanguratsua da euskararentzat, euskaldunontzat eta euskaltzaleontzat. Eta euskaltzaleon bulkadaren ondorio izan dira, hain zuzen ere, ekimen eta urrats horiek guztiok. Kemen eta adore agortezinez euskara suspertu, indartu eta hedatu duten euskaltzaleak.

324e4d43-e02c-4473-957b-204d67214311Euskaltzale ekintzaile eta sustatzaile horietako bat da Joan Mari Torrealdai, aurten Euskal Herria Mendi Erronkak omenduko duen pertsona. Esan beharrik ez dago, Joan Mari Torrealdairen bitartez euskara bera, Euskal Herriko hizkuntza propioa, omendu nahi du Erronkaren VI. Edizio honek. Izan ere, Joan Mari Torrealdaik ederki asko ordezkatzen du euskarak berak eta euskaldun nahiz euskaltzaleek hizkuntza bizirik eusteko egin duten ahalegina, eta azken hamarkadetako ibilbidea.

Joan Mari Torrealdai azken hamarkadetako euskalgintzaren historian protagonista izan da. XX. mendeko 60. hamarkadan hasi zen bere ekarpena gauzatzen eta ordutik gaurko egunera arte, eta etenik gabe, etengabea izan da euskarari, euskalgintzari eta euskal kulturari egin dion ekarpen hori. Beste ardura asko ere izan ditu, baina batzuk nabarmendu behar izanez gero, honakoak: Anaitasuna aldizkariko zuzendaria izan zen, Jakin Aldizkariko zuzendaria 1977az geroztik eta lau hamarkadaz, Euskaldunen Egunkariko Kontseilu Editorialeko kide eta Administrazio Kontseiluko Lehendakaria, eta gaur egun euskaltzain osoa da.

Ardura eta egiteko horiez gain, euskararen eta euskal kulturaren inguruko hainbat artikulu, saiakera, biografia, ikerketa-lan eta liburu idatzi eta argitaratu ditu, horietako batzuk zenbait hamarkadatan erreferente bihurtu direnak: Euskal idazleak gaur (1977), Euskal Telebista eta Euskara (1985), XX. mendeko euskal liburuen Katalogoa I-II-III (1990-1996), Euskal kultura gaur (1997), El libro negro del euskera (1998), Artaziak, euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000), eta, azkenekoa, duela bi hilabete eskas argitaratutako Asedio al euskera (2018).

Ibilbide eta ekarpen horrek prezio latza ere ordainarazi dio, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren auzia zela-eta atxilotua, torturatua eta espetxeratua izan baitzen 2003an, gero absolbitua izan zen arren. Bistan denez, ordaindu beharreko prezio horrek ez du euskararekiko izan duen zaletasuna eta konpromisoa eten eta lanean jarraitu du horren ondoren eta gaurko eguna arte.

Joan Mari Torrealdairen ibilbide eta konpromiso erraldoi eta paregabeko horrek merezi du aitortza eta esker ona, eta Euskal Herria Mendi Erronkak, bere VI. Edizioan, horixe erabaki du. Omenaldia eginen diogu aurten eta, beraren bitartez, gure hizkuntzari, euskarari, zabalduko diogu omenaldi hori urte esanguratsu honetan.

Esan dezagun, bidenabar, Euskal Herria Mendi Erronkak eginen dion omenaldi honen bitartez, Joan Mari Torrealdairen bi zaletasunik handienek bat eginen dutela bete-betean. Izan ere, euskara bihotz-bihotzean daraman bezalaxe, mendizaletasuna eta mendiarekiko grina ere halaxe daramatza, biak batera joan dira haren ibilbidean eta bizitzan zehar.