Close

Not a member yet? Register now and get started.

lock and key

Sign in to your account.

Account Login

Forgot your password?

ARAUDIA: ERRELEBOAK

Aurten EHME lasterketaren VII.edizioa eginen da. Urte hauetan asko izan dira gure lasterketan atera diren lasterkariak, baina horien artean emakumezkoak % 4 besterik ez dira izan. Aurten beste erronka bat jarri diogu geure buruari: emakumeen parte-hartzea handitzea. Emakume gehiago ikusi nahi ditugu Leitzako plazan sartzen, eta hori dela-eta errelebo-lasterketa antolatu eta martxan jarri dugu. Lasterketa hau aurretiko pauso bat izatea nahiko genuke, aurrerago emakume horiek gure trailean parte har dezaten.

Euskal Herria Mendi Erronka errelebo-lasterketako ibilbidea eta EH Mendi Erronka lasterketako ibilbidea berdinak izango dira, baina errelebo-lasterketa bi zatitan banatuko da eta erreleboka eginen da. Lehenengo lasterkariak Leitzatik Putzuzarrenainoko zatia egingo du, Putzuzarren erreleboa emango dio bigarren lasterkariari, eta bigarren horrek Putzuzarretik Leitzarainoko zatia egingo du. Helmugan elkarrekin sartzeko aukera izango dute bi lasterkariek.

Errelebo-lasterketa honen oinarrian ere aldarrikapen eta helburu jakin batzuk daude: emakumeen parte-hartzea handitzea, euskal mendizaletasunaren nortasuna, mendi-lasterketa, lurraldetasuna, ofizialtasuna, Plazaola natur gunea eta euskara sustatzea, hain zuzen ere.

1. ANTOLAKUNTZA: Euskal Herria Mendi Erronkaren antolatzailea Euskal Herria Mendi Erronka Kirol Elkartea da (Kirol Elkarteen Erregistroko G71234975 zenbakia).

2. EGUNA ETA LEKUA: Lasterketa 2019ko maiatzaren 18an eginen da. Goizeko 8:00etan hasiko da, Leitzako plazatik. Lasterkariek antolakuntzak emandako argibideak jarraitu beharko dituzte. Lasterketa honetan parte hartzeak araudi hau eta antolakuntzak www.ehmendierronka.eus helbidean argitaratutako informazioa onartzea dakar berarekin.

3. IBILBIDEA: Lehenengo lasterkaria Leitzatik aterako da, 33,8 km egingo ditu Putzuzarreraino, eta bertan erreleboa emango dio bere bikotekideari. Bigarren lasterkariak Putzuzarretik Leitzarainoko ibilbidea egingo du, 34,2 km. Lehenengo lasterkariak nahitaez Putzuzarren utzi beharko du lasterketa, hots, ezingo du bigarren zatia egin. Helmugarako 300 m falta direnean errelebo bikotea lasterketan sartu daiteke helmugan elkarrekin sartzeko. Honatx zehatzago:

Lehenengo lasterkariak:

  • Leitza
  • Guratz
  • Gorriti
  • Arribe
  • Gaintza
  • Irumugarrieta
  • Albi
  • Artxueta
  • Putzuzar

Bigarren lasterkariak:

  • Putzuzar
  • Iribasko Iturburua
  • Alli
  • Lekunberri
  • Iontza
  • Ireber
  • Kornieta
  • Leitza

Neurketak ez daude homologatuta.

4. PARTE-HARTZEA: Araudi honek dioena betez gero, proba egunean 18 urtetik gorako kirolari orok parte hartu ahal izango du, federatua izan edo ez. Lasterketa hau bikoteka egingo da eta bikotekide bat gutxienez emakumezkoa izan beharko du. Antolakuntzak proba egin aurretik azterketa mediku bat egitea gomendatzen die parte-hartzaile guztiei, eta, halaber, parte-hartzaile guztiek kirol-jarduerak dakarren arriskua onartuko dute.

5. EZINBESTEKO MATERIALA:

  • Haize-babesgarria.
  • Bisera edo buffa.
  • Eguraldi txarra eginez gero:
    o Euritarako eta izerditarako den kapeladun jaka, mendian eguraldi hotza jasateko balio duena.
    o Elastiko piratak.
    o Bigarren kapa termikoa.
    o Eskularruak.
  • Derrigorrezkoa izango da ezinbesteko material guztia korralitoan sartzerakoan
    aurkeztea.
  • Korralitoak Leitzako plazako irteeran eta Putzuzarreko errelebo aldaketan eginen dira.

6. KATEGORIAK: Bakarra

7. TXAPELKETA

ERRELEBO-LASTERKETAKO EHME TXAPELKETA
o Bikoteka izena eman dutenentzat.
o Bikotekide bat gutxienez emakumezkoa izango da, nahitaez.
o Leitza-Putzuzar eta Putzuzar-Leitza zatiak izango ditu.
o Klub mailako txapelketan ez du puntuatuko.
o Km bertikalean ez du puntuatuko.
o Erreleboa emateko ordutegi muga 15:00ak Putzuzarren. Ordu horretarako lehenengo lasterkaria iristen ez bada, bere bikotekideak ezingo dio bigarren zatiari hasiera eman, hots, lasterketa bukatuko da bi lasterkarientzat.
o Puntuatzeko helmugan sartzeko gehienezko denbora 13 ordukoa izango da.

8. SARIA:

ERRELEBO-LASTERKETAKO EHME TXAPELKETA
1. Garaikurra eta bi pertsonentzako bazkaria Iruso Jatetxean. Epea: 2019an gozatu behar da.

Ezinbestekoa izango da antolakuntzak aurreikusitako orduan errelebo-lasterketako podiuma osatzen duten korrikalariak sari-banaketan egotea. Horrela ez bada, antolakuntzaren baimenarekin izan ezean, korrikalaria saririk gabe geldituko da.

9. IZEN-EMATEA: Gehienez 50 parte-hartzaile izango dira, eta izen-ematearen ordena zorrotz jarraituko da.

Izen-ematea Internet bidez egingo da, kreditu txartela erabiliz. Izen-emateak internet bidez egingo dira lasterketaren web ofizialean, kreditu txartelaren bidez, 2019ko otsailaren 1ean 8:00etatik aurrera edo https://www.rockthesport.com/es/evento/eh-mendi-erronka web gunean. Izen-ematea egin eta 72 ordura ordainketa egin ez bada, ezeztatutzat emango da izen-emate hori.

Prezioak bikoteko:

  • 2019/02/01 – 2019/04/04: 75€
  • 2019/04/05 – 2019/05/05: 85€

Behin izena emateko kuota ordainduta, lasterketan parte ez hartzea erabakitzen duenari, 2019ko apirilaren 17ko 23:59ak bitarteko epean, % 100 itzuliko zaio. 2019ko apirilaren 18ko 00:00etik aurrera ez da inongo diru itzulketarik egingo arrazoia edozein dela ere.

Izen-emate ororen baliogabetzea e-posta soporte@rockthesport.com edo info@ehmendierronka.eus bidez egin behar da. Kontu zenbakia eta izen-ematearen erreferentzia-zenbakia adierazi beharko dira.

Lasterkari kopurua betetzen bada, itxarote-zerrenda irekiko da. Bajak dauden heinean, itxarote-zerrenda horretatik beteko dira.

Izen-emateak honakoa bermatzen du:

  • Lasterketan parte-hartzea.
  • Erantzun zibileko asegurua.
  • Istripu-asegurua.
  • Lasterketan osasun-laguntza.
  • Anoa-postuak.
  • Txip bidezko kronometraje-sistema.
  • Korrikalariaren poltsa.
  • Dutxak.
  • Suspertze-zerbitzua (Fisioterapeutekin)
  • Antolakuntzak adierazitako puntura, hots Putzuzarrera, korrikalariaren materiala garraiatzeko aukera.
  • Road Book-a (korrikalariaren eskuliburua)
  • Doako garraio-zerbitzua, erreleboan parte hartuko duten lasterkariak Putzuzarrera eta handik Leitzara ekartzeko. Honako ordutegietan:
    o 10:15etan Leitzako plazan, erreleboko bigarren lasterkaria 11:00etarako Putzuzarrera eramateko.
    o 15:00etan Putzuzarren, errreleboko lehenengo lasterkaria Leitzara eramateko.
    o Antolakuntzaren baliabideen arabera, lasterkariak Putzuzarrera iritsi ahala Leitzara ekartzen saiatuko da.
  • Nahi duenak norberaren kotxean Putzuzarrena joateko aukera izango du. Bikotekideak kotxe bera erabili dezake Leitzara itzultzeko.
  • Doako garraio-zerbitzua, erretiratuak Leitzara ekartzeko, antolakuntzak zehaztutako lekuetatik,
  • Proba amaierako otordua
  • Lasterketa amaitzen duen bikotearentzat, helmugara iristen denean finisher oparia.

Antolakuntzak eskubidea izango du parte hartzaileen datuak (izen-abizenak, jatorria, kategoria, dortsal-zenbakia, emaitzak…) zein proban zehar egindako argazkiak eta hartutako irudiak hedabideetan eta Interneten argitaratzeko; beraz, proban erregistratzeak berekin dakar berariaz eta erreserbarik gabe oniritzia ematea datu horiek antolatzaileak erabiltzeari, aurka egiteko eskubideari kalterik egin gabe. Parte- hartzaileei dagozkien datu eta zerrenda guztiak publikoki kontsultatu ahal izango dira izena ematen den une beretik.

Erabiltzaileak izen-ematea hirugarren pertsona baten izenean egitekotan, bai plataformaren bidez, bai horren bitartez kudeatutako kirol-proben bidez, pertsona horrek ziurtatzen du interesdunaren berariazko aurretiko baimena duela lege-baldintza hauetan jasotakoaren arabera.

10. SEINALEZTAPENA: Ibilbidea probako kartelekin, banderatxoekin eta zintarekin behar bezala markatuta eta ikusteko moduan egongo da. Seinaleztatutako bidea nahitaez jarraitu behar da, moztu gabe, bidea mozteak ingurumenaren higadura eta degradazioa eragin baititzake.

11. ANOA-GUNEAK: Helmugakoaz gain, bederatzi anoa-gune izango dira. Gune horietan produktu energetikoak eta hidratatzaileak eskainiko dira.

  • Pagozelai: 9,6 Likidoa
  • Gaintza: 18,2 Osoa
  • Unagako Putzua: 24,8 Osoa
  • Putzuzar: 32,8 Osoa
  • Iribasko iturburura: 39,7 Likidoa
  • Aralar kanpina: 45,5 Osoa
  • Iontza: 54,5 Likidoa
  • Idiazabal: 59,5 Osoa
  • Jaundegiko borda: 64,6 Likidoa
  • Leitza (Bikoteak): 67 Osoa

Anoa-postu bakoitzean zenbait zakarrontzi egongo dira: ezinbestekoa izango da horiek erabiltzea eta zaborra sailkatzea.

12. KANPOKO LAGUNTZA: Lasterketan zehar, korrikalarien edo kanpokoen laguntza eta anoa oro guztiz debekatuta dago, antolatzaileek horretarako ezarritako tokietan izan ezik. Ez da erbi lanik onartuko.

13. IGAROTZE-KONTROLAK: Antolatzaileek hainbat igarotze-kontrol jarriko dituzte, eta horietatik pasatzea derrigorrezkoa izango da. Igarotze-kontrolak erraz ikusteko moduan adieraziak egongo dira. Horietatik pasatzen ez dena kanporatua izango da.

Antolakuntzak emandako txip batek ziurtatuko du lasterkaria bertatik igaro dela. Igarotze-kontroletan antolakuntzako kideak egongo dira.

Igarotze-kontrolak honakoak izango dira:

  • Gaintza.
  • Irumugarrieta.
  • Putzuzar
  • Lekunberri (Aralar kanpina)
  • Ireber
  • Leitza.

14. ERRELEBOA EMATEKO LEKUA ETA ORDUTEGI MUGAK: Lehenengo lasterkariak Leitza-Putzuzar zatia egingo du. Horretarako 7 ordu izango ditu, eta eguerdiko 15:00etarako Putzuzarrera iritsi beharko du.

Bigarren lasterkariak Putzuzar-Leitza zatia egingo du. Horretarako 6 ordu izango ditu, eta iluntzeko 21:00etarako Leitzako plazara iritsi beharko du. Lehenengo zatia egiten duen lasterkariak, ezingo du, inolaz ere, bigarren zatian jarraitu.

Ibilbidea osatu eta helmugara iristeko gehienezko muga 13 ordukoa da.

Lehenengo zatia egitea erabakitzen duen lasterkariak bikotekideari Putzuzarren erreleboa emateko eguerdiko 15:00ak baino lehen iritsi beharko du bertara. Hori horrela ez bada, bikotekideak lasterketatik kanporatuak izango dira.

15. LASTERKETA UZTEKO LEKUAK: Proba bertan behera uzten duten eta lesionaturik ez dauden korrikalariek Gaintza, Putzuzar eta Lekunberri (Aralar Kanpina) izango dituzte lasterketa uzteko lekuak, beraz, beren kabuz eta ahalik eta azkarren leku horietara joan beharko dute garraiatuak izan daitezen.

16. KANPORATZE-PUNTUAK ETA ORDUTEGI-MUGAK: Helmugan sartzeko gehienezko denbora 13 ordukoa izango da.

  • Gaintza: 11:15 (18,2km)
  • Putzuzar: 15:00 (32,8km)
  • Lekunberrin sartzeko (Aralar Kanpina): 16:30 (45,5km)
  • Lekunberritik irteteko: 16:50 (45,5km)

Antolakuntzako arduradunek kanporatze-puntuetan aurrez ezarritako denbora aurreikuspenak betetzen ez dituzten kirolariak probatik kanpo utziko dituzte eta helmugara garraiatuko dituzte. Halaber, lasterkaria honako arrazoi hauengatik ere kanporatua izan daiteke:

  • Araudia ez betetzeagatik.
  • Lasterketan izena eman gabeko pertsona batek edo animalia batek lagunduta joatea (erbi lanaz baliatzea), bai ibilbidean, bai baimendutako guneetatik kanpo.
  • Markatutako ibilbide osoa ez osatzeagatik.
  • Dortsala ikusteko moduan ez eramateagatik.
  • Antolatzaileen aholkuei kasurik ez egiteagatik.
  • Beste lasterkariei errespetu falta erakusteagatik.
  • Anoa-puntuetan zakarra ez sailkatzeagatik edo lurrean uzteagatik.
  • Ingurumena ez errespetatzea: zabor eta hondakinak ibilbidean zehar uztea edo botatzea.

Eguraldi txarragatik edo segurtasun arrazoiengatik, antolakuntzak proba gelditzeko, ibilbidea aldatzeko edo ordutegi-mugak aldatzeko eskubide osoa izango du.

Ezarritako ordutegi-mugen aldaketa gertatuz gero, ordutegi-muga berri horietara iritsi ezin daitezkeen korrikalari guztiak lasterketaz kanpo geldituko dira eta helmugara garraiatuak izango dira.

17. KRONOMETRAJEA: Lasterketaren kronometrajea txiparen bidez egingo da. Irabazleek, behin-behineko sailkapenak jarri ondoren, 30 minutu izango dituzte erreklamazioak egiteko. Zerrenda hori kronometraje gunean egongo da arratsaldeko 19:00etarako. Arratsaldeko 19:30erako behin betiko saridunen zerrenda argitaratuko da. Parte-hartzaileek sailkapenak argitaratu eta 24 ordu izango dituzte erreklamazioak egiteko, denbora tarte hori igaro ondoren, erreklamaziorik ez badago, sailkapenak behin betikoak izango dira.

Markak egiaztatzea helburu hartuta, probaren sailkapenak eperik gabe mantenduko dira, eta antolatzailearen webgunean kontsultatu ahal izango dira, ezeztatzeko eskubideari kalterik egin gabe.

18. DORTSALEN BANAKETA: Dortsalen banaketa Leitzako plazan egingo da, 2019ko maiatzaren 17an, ostirala, 17:30etatik 20:00etara, eta, probako egun berean, 6:00etatik 7:00etara, leku berean.

19. KONTSIGNA-ZERBITZUA: Herriko kontsigna-zerbitzua: Antolatzaileek kontsigna-zerbitzua eskainiko diete parte-hartzaile guztiei irteera/helmuga puntuan. Kontsigna-zerbitzua (poltsa uzteko) udaletxeko lehen solairuan egonen da eta Kontsigna-zerbitzua lasterketan bukatzean (poltsa jasotzeko) Leitzako kiroldegian.

Poltsen edukia ez da egiaztatuko, ondorioz, ez da erreklamaziorik onartuko. Baliozko objeturik ez sartzea aholkatzen da.

Poltsak identifikatzeko dortsal zenbakia erabiliko da, hori dela eta, poltsa jasotzerakoan dortsala erakutsi beharko da.

20. INGURUMENA: Lasterketa, ia oso-osorik, natura gune zoragarri batean zehar igaroko da. Hori dela eta, ingurua babestea nahitaezkoa izango da eta debekatuta egongo da edozer gauza lurrera botatzea.

  • Horretarako, zaborra biltzeko ontziak jarriko dira anoa-gune amaiera guztietan. Anoa- guneetan, antolatzaileek ezarritako zaborraren sailkapena errespetatzea nahitaezkoa izango da.
  • Arau hau hausten duena kanporatua izango da.

21. OSASUN-ZERBITZUA: Antolatzaileek Larrialditarako osasun-zerbitzua jarriko dute ibilbideko lekurik estrategikoenetan. Halaber, helmugan dutxa, garbiketa eta lehen mailako zerbitzu medikua eskainiko dituzte, horren beharrean aurkitzen den parte-hartzaileentzat.

Antolakuntzak kirol-arriskuetarako aseguru bat egin du parte-hartzaile guztientzat; beraz, izena ematen duenak oniritzia ematen dio antolatzaileei beharrezkoak diren datuak aseguru-etxeari uzteko, proban zehar ezbeharren bat gertatuz gero, laguntza bermatuta egon dadin.

22. SEGURTASUNA: Antolatzaileek, egoerak hala eskatuta, lasterketaren ibilbidea aldatzeko eta dagozkion gainerako aldaketak egiteko eskubidea daukate, eta baita bertan behera uzteko ere, eguraldiak hala eskatzen badu edo arrazoi nagusi batengatik, lasterketa-batzordearen adostasunarekin.

Lasterketa ixteko ardura duen erratz-taldeak partaide guztiak igaro direla egiaztatuko du.

23. LAGUNTZA EZBEHARRETAN: Parte-hartzaileak laguntza beharrean dauden parte-hartzaileei laguntzera behartuta daude, eta baita kontroletan gorabeheren berri ematera ere.

24. ERANTZUKIZUNA: Antolatzaileek beren gain hartuko dituzte ibilbidean zehar gertatzen diren istripu guztiak, baina korrikalariaren erruagatik edo utzikeriagatik gertatu bada istripua, antolatzaileek ez dute beren gain hartuko. Parte-hartzaileak beren buruari edo besteei egindako kalte guztien erantzule izango dira.

25. IRUDI ESKUBIDEAK: Partaide orok antolatzaileei eta beren babesleei lasterketaren inguruan egindako argazki edo hartutako irudiak askatasun osoz erabili eta argitaratzeko baimena ematen diete, epe mugarik gabe.

26. LASTERKETA BERTAN BEHERA UZTEA: Lesio edo istripuren batengatik ez bada, korrikalariak ez luke proba bertan behera utzi behar igarotze-kontroletatik kanpo. Proba bertan behera igarotze-kontrola baino lehen uztea erabaki duenak, proba ixteaz arduratzen direnei edo antolakuntzakoei jakinarazi beharko die, haiek txipa desaktibatu eta Leitzara ekartzeko.

Korrikalariak dortsala gordeko du antolakuntzak eskaintzen dituen zerbitzuei (garraioa, dutxak, helmugako anoa-gunea…) etekina ateratzeko.

Lasterketa derrigor bertan behera uztea. Antolakuntzak aldi baterako gelditzera edo lasterketa bertan behera uztera behar dezake korrikalaria, egoerak bere osasun fisikoa edo segurtasuna arriskuan jartzen baditu.

Osasun-zerbitzura jotzen duten korrikalariak haien juzkuaren eta balorazioaren esku geratzen dira. Ondorioz, haien erabakiak onartu beharko dituzte. Osasun-zerbitzuek edozein kasutan erabaki hauek hartu ahal izango dituzte:

  • Lasterketa jarraitzeko gai ez den edozein korrikalari kanporatzea (dortsala desaktibatuz).
  • Arriskuan ikusten duten edozein korrikalari ebakuatu egokien iruditzen zaien baliabidearen bitartez.
  • Edozein korrikalari osasun-zentro batera eraman, haren egoerak egokiena hori dela erakusten badu.

Osasun-zentro batera eramanez gero, korrikalaria arduratuko da itzuleraz.

Istripu edo lesioagatik oinez kontrol-guneetara iristea ezinezkoa bada eta ebakuazioa beharrezkoa izanez gero, korrikalariak antolakuntzarekin harremanetan jarri beharko du, salbamendu-zerbitzua martxan jartzeko. Korrikalari bakoitzari, kasu horietan, zein telefono zenbakitara deitu behar duen jakinaraziko zaio (dortsalean inprimatuta egongo dira). Korrikalariaren telefono-konpainiaren estaldura ezagatik zenbaki horiek erabili ezin diren kasuan, doako larrialdietako 112 zenbakia erabiltzea proba daiteke. Beste korrikalarien errespetua eta elkartasuna erabakigarriak izango dira horrelako kasuetan.

Korrikalariaren itzulera kontrol-guneko arduradunaren eta honako arauen arabera erabakiko da:

  • Anoa-gunean edo segurtasun-esparruan proba bertan behera uzten duten eta lesionaturik ez dauden korrikalariek goian aipatutako puntu horietara joan beharko dute beren kabuz eta ahalik eta azkarren.
  • 4×4 ibilgailuen bidez bakarrik irits daitekeen postuetan, salbamendu zerbitzua behar ez den kasuetan, kontrol bakoitzeko arduradunak erabakiko du korrikalariaren itzulera- unea.
  • Muturreko eguraldiaren ondorioz proba osorik edo tarte batean bertan behera utzi behar denean, antolakuntzak geldirik dauden korrikalarien itzulera ziurtatuko du, denbora tarterik ahalik eta laburrenean.

Proba edozein arrazoi dela medio bertan behera utzi duten eta itzulera puntuetara ez joatea erabaki duten korrikalariak, igarotze-kontroleko arduradunei erabakia jakinarazi gabe, ez dira jada antolakuntzaren kontrolpean egongo.

27. IBILBIDE ALDAKETA: Eguraldi txarrak hala behartuz gero, ordezko ibilbide bat egongo da. Horren berri korrikalariari emango zaio ahalik eta azkarren. Ibilbide aldaketaren erabakia irteera eman ondoren hartuko balitz, erabaki horren berri antolakuntzak egokien ikusten duen igarotze-kontrol batean emango zaie partaideei.

Antolakuntzak lasterketaren oinarriak aldatzeko eta ustekabeko arrazoi garrantzitsuren bategatik proba bertan behera uzteko eskubidea izango du.

Lasterketak bertan behera uzteko erabakia irteera-datarako 15 egun edo gehiago falta direla hartzen den kasuan, arrazoiak edozein direla ere, inskripzioan egindako ordainketaren itzulera partziala egingo da. Itzulera horren zenbatekoa antolakuntzak egindako gastu finkoei aurre egiteko behar duen diru kopuruaren araberakoa izango da. Lasterketa bertan behera uzteko erabakia irteera-datarako 15 egun edo gutxiago falta direla hartzen den kasuan, edo lasterketa behin irten ondoren bertan behera gelditzen denean, ez da diru itzulerarik aurreikusten.

28. ALDAKETAK: Antolakuntzak edozein unetan araudi hau hobetu, zuzendu edo alda dezake. Izen-ematea egiteak partaidea araudi honekin ados dagoela adierazten du.

29. ARDURAK: Antolakuntzak ez du bere gain hartuko antolakuntzak kontratatutako aseguruaren estalduraz gaindiko, partaide, laguntzaile edo ikusleei gerta dakizkiekeen kalteen (galdu, lapurtu, puskatu…) ondorioz egindako erreklamazioen erantzukizunik.

EH mendi erronka proban izena eman duten guztiek beren borondatez eta norbere arduraz parte hartzen dutela ulertzen dute. Horregatik, partaideek eta beren oinordekoek, erantzukizun zibilari dagokionez, antolaketaz arduratzen diren erakundeak, laguntzaileak, babesleak zein beste partaideak ez salatzea eta kargu horietatik guztietatik libre uztea onartzen dute.

30. SAILKAPENAK: Behin-behineko sailkapenak partaideen eta jarraitzaileen eskura egongo dira lasterketak irauten duen bitartean. Antolakuntzak horretarako gune bat atonduko du, ahal den heinean korrikalariak kontrol-puntu ezberdinetan egindako denborak eta kokapena denbora errealean emateko.

Lasterketako behin-behineko emaitzak web-orrian agertuko dira lasterketa-egunaren biharamunean.

31. ERREKLAMAZIOAK: Erreklamazioak idatziz bakarrik aurkeztu ahal izango zaizkio antolakuntzari. Erreklamazioak egiteko epea 24 ordukoa izango da, behin-behineko sailkapenak lasterketaren web-orri ofizialean argitaratzen diren unetik kontatzen hasita. Erreklamazio horiek eta dagozkien erabakiak lasterketa amaitu eta gehienez bi hilabeteko epean aztertu eta jakinaraziko dira.

32. ROAD BOOK-A: Lasterketaren aurreko astean korrikalari bakoitzari Road Book-a edo korrikalariaren eskuliburua bidaliko zaio e-postaz. Eskuliburu horretan lasterketari buruzko informazio baliagarria aurkitu ahal izango da: igarotze-kontroletako mugak, anoa-postuak, osasun- zerbitzua, eta abar.