EHME lasterketaren antolakuntza taldeak, azken aldian Covid-19 gaitzak sortutako ezohiko egoeraren aurrean, 2020ko EHME bertan behera uztea erabaki dugula jakinarazi nahi dizue lasterkari, boluntario, babesle, laguntzaile, jarraitzaile eta ikusle guztiei .
EHME, mendi lasterketa soilaz gain, bere oinarrian beste helburu batzuk ere txertatuta dituen kirol ekimena da, Euskal Selekzioen ofizialtasuna, Mendialdea-Aralar eskualdearen garapena, ingurumenaren babesean eragitea edo euskararen sustapena, besteak beste. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko AUZOLANA behar-beharrezkoa dela sinesten dugu eta horretan oinarritzen dugu gure eguneroko lana.
Une honetan, Covid-19 pandemiak sortutako nahasmen eta ezohiko egoeraren aurrean, beste lehentasun batzuk badaudela eta EHMEk mugitzen duen auzolana beste norabide batean bideratu beharko genukeela iruditzen zaigu: osasun larrialdi egoera hau gainditu bitartean behar duenari laguntza eskaintzera alegia.
Gauzak horrela, 2020ko ekitaldirako izena eman duzuen korrikalari guztiei dortsalaren %100 itzuliko dizuegu eta eskerrak eman nahi dizkizuegu bihotz-bihotzez guregan jarritako konfiantzarengatik. Gure oinarria osatzen duzuen boluntario eta laguntzaileei ere besarkada handi bat eta animo asko elkarrekin egingo dugun auzolan berri honetarako.
Ziur gaude 2021eko EHME ekitaldia indarberrituta etorriko dela eta, lasterka edo auzolanean, elkarrekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko digula. EHME 2021 ekainaren 5ean izango da, ordura arte guztiei.
EHMEko ANTOLAKUNTZA LANTALDEA