Munduan 7.000 mila milioi biztanle bizi gara eta 7000 hizkuntza hitz egiten dira. Hizkuntza hauetako askoren osasuna, ordea, ez da batere ona. Bi astetik behin hizkuntza bat desagertzen dela dio UNESCOK. Datua oso kezkagarria izateaz gain, gaur egun 2000 hizkuntza inguru desagertzeko arrisku egoeran edo egoera larri batean aurkitzen direla kalkulatzen da. 

Euskara kinka larrian aurkitzen ez bada ere, esan daiteke egoera zaurgarri batean aurkitzen dela. Kike Amonarriz Gorriak “Euskararen bidegurutzetik” izeneko liburuan adierazten du euskara bidegurutze batean aurkitzen dela, euskararen egoera erreparatuz datu kontraesankorrak jasotzen direlako. Alde batetik, inoiz baino handiagoa da euskaldunen kopurua, alfabetatze maila, kultur produkzioa edo hizkuntzaren modernizazioa. Baina beste alde batetik, gero eta handiagoa da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea, hiztunen kalitatea erdipurdikoa da sarritan eta atxikimendua ere hala moduzkoa da.

Argi dagoena gure aletxoa eguneroko gauza txikiekin erein beharrekoa dela da. EHMEk euskara altxortzat jotzen du. Euskara da gure balorea, euskara da gure bizitzeko era. Bi hitzetan esanda, euskarak egiten gaitu. Euskara zaindu, maitatu, babestu eta lau haizeetara zabaldu behar dugu osasun ona manten dezan, gal ez dadin, hil ez dadin.

Euskara denez buru eta bihotz, Maialen Lujanbio Zugastik 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuenean adierazi bezala, “herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz”. 

Guk euskaraz, eta zuk?