Linza-Hiru erregeen mahaia-Leitza ibilbidea. 150 km baino gehiago. 6000 metroko desnibel positiboa eta 24h-tik gora korrika. Horixe da Iraitz Uriarte eta Iker Gomez leitzarrak, haien lagun zein familiaren antolakuntzaren, herriko eragileen eta proiektua babesten ari diren pertsonen babesarekin planteatu duten kirol erronka. 

Ekainaren 25ean Linzatik abiatuko dira eta bidean Hiru Erregeen Mahaitik pasako dira, ekainaren 26ean Leitzako plazara iritsi arte. LHL erronka inklusioaren alde planteatutako kirol erronka solidarioa da, denontzako Leitza eraikitzeko bidean planteatu dutena.

Erronkaren helburu nagusia irisgarrigoa den Leitza bat sortzea da, barrera arkitektonikorik gabekoa eta mugikortasun arazoak izan ditzaketen pertsonen nahiz kolektiboen behar anitzak asetzen dituena. Horrez gain, inklusioaren aldeko jarreren sentsibilizazioa ere egin nahi dute.

Baina kirol erronka solidario bihurtzeko bidean, denon laguntza behar dute. Metroak jarri dituzte salgai eta ateratzen duten diru kopuruarekin aurretik aipatutako proiektuak gauzatuko dituzte. 

Metro batek 1€ko balioa dauka eta erronkaren webgunean zehazten den moduan, askotariko aukerak daude kolaboratzeko. EHMEk dagoeneko eskaini dio bere babesa proiektuari. Eta zuk? Sartu webgunera eta egin zure ekarpena: https://www.lhl.eus/ 

Gailurra prozesuaren zati txiki bat besterik ez denez, eman ditzagun pausoak inklusioaren alde.