Iritsi da guztiok hainbeste espero genuen berria. Urtebete barru, 2022ko ekainaren 4ean hain zuzen, EHMEren VIII.edizioa izango dugu. 

Ezustean iritsitako pandemiak, 2020 eta 2021eko lasterketak bertan behera uztera behartu gintuen, jende mugimendu handia dakarren neurrian, ezinezkoa zelako segurtasun neurri guztien antolaketa bermatzea. Bi urtez zapatilak armarioan gordeta mantendu ondoren, hautsa kendu eta mendian frogatzeko unea iritsi da. Indar eta ilusio bereziarekin itzultzen gara. 

Datorren urteko egutegian data borobildu eta entrenatzen hasteko aitzaki ederra daukazue. VIII. edizio honetan gainera, bakarkako ohiko modalitatea eta erreleboen modalitatea mantenduko ditugu. 

Mendizaletasuna, auzolana eta ofizialtasuna maite dugu. Eskerrik asko aldarrikapen hauen eta EHME komunitatearen parte izateagatik.