Euskara sustatzea da, besteak beste, Euskal Herria Mendi Erronka urtez urte antolatzeko bulkada eta arrazoietako bat, horixe baita bertako hizkuntza eta bultzada handi baten beharrean dagoena.

Eta euskarak, hain zuen ere, bultzatu zituen 2022. urteko edizioak omenduko dituen lagunak, frankismoa oraindik indarrean zegoen garai zail hartan, hizkuntzarekiko konpromisoari eutsi eta bide berriak zabaltzeko urratsa egitera. “Andereñoak” dira, 1960ko hamarkada hartan izen horrekin ezagutzen baitziren beren etxeetan eta ikastola sortu berrietan euskarazko irakaskuntzaren bidean lehen urratsak eman zituzten emakumeak.

Bide luzea eta emankorra egin du orduz geroztik euskarazko irakaskuntzak, eta hasierako ikastola haietan hasitakoaren emaitza herriz herri zabaldu da, lurraldez lurralde, eta euskarazko irakaskuntza orduan pentsaezina zen zabalkundea izatera iritsi da, ikastolen sarean bezala baita administrazioak kudeatutako ikastetxeetan ere.

Gizartearen bultzadak eta kemenak eragin zuen euskararen aldeko olatu erraldoi hura, hainbat gurasoren eta lagun euskaltzaleren apustu sendoak eta argiak, eta, horiekin batera, ezinbestekoa gertatu zen andereño haien guztien ekarpena, haien lan etengabea, emankorra eta euskararekiko atxikimenduak hauspotua.

Andereño izan ziren, hain zuzen ere, lasterketaren VIII. edizioan Euskal Herria Mendi Erronkaren aitortza eta omenaldia jasoko duten hiru emakumeak: Kontxi Beitia Oiarbide, Izaskun Gastesi Zubeldia eta Kontxi Zabaleta Labayen. Kontxi Beitia Oiarbide pasaitarrak bere etxean bertan ireki zuen ikastola. Izaskun Gastesi Zubeldia gorritiarra eta Kontxi Zabaleta Labayen leitzarra, berriz, Iruñerriko ikastolen hastapenetatik aritu ziren hango umeak euskaraz hezten.

Euskal Herria Mendi Erronkak, hiru andereño hauei egiten dien omenaldi honen bitartez, andereño haiek guztiek euskararen irakaskuntza eta euskara bera sustatzeko eta indarberritzeko egindako ahalegina eskertu eta aitortu nahi du.