Euskal Herria Mendi Erronkak hamaikagarren edizio honetan Gure Zirkua omenduko du: “amestutako plaza” izatetik “ametsetako plaza” izatera iritsi den egitasmoa. Berdin ikus dezakegu Gure Zirkuko karpa hiri handienetako orubeetan zein herri txikienetako belatsoetan; berdin Eskiulan (Zuberoa) edo Berangon (Bizkaia); berdin Erriberrin (Nafarroa) edota Gasteizen (Araba); berdin Leitzan edo Iruñean. Eta guztietatik irribarra ahoan, bizipozez beteta eta bihotza hunkituta ateratzen ikusten ditugu, zahar, gazte zein ume.

Zerk egiten du, ordea, Gure Zirkua hain berezi, hain bakar, hain magiko?

Eredugarria eta ikusgarria da euskaratik eta euskaraz denon gorputzak inarrosteko erakusten duen gaitasuna. Euskaratik eta euskaraz, baina hizkuntza unibertsala tresna gisa baliatuz: emozioa, ikusmina eta umorea.

Baina Gure Zirkua zerbait bada, familia da, komunitatea, auzolana. Garaiko balio kapitalistetatik eta indibidualistetatik urrun, utopian sinetsita eraikitako talde-proiektua: zirkua egiten dutenetatik hasi eta ikusle hurbiltzen garenon artean gorpuzten den herri-egitasmoa.

Hain proiektu ezberdinak izanik ere, hortxe egiten dute bat Gure Zirkuaren eta EHMEren balio garrantzitsuenek: euskara, lurraldetasuna, auzolana… eta kirola. Sinetsita gaude txikitik eraginez amets handiak gauza litezkeela.

Musika airean, nerbioak dantzan, atzera kontua hasi da; ezinegona nabaria da. Espektakulua hastera doa.