Euskal Herria Mendi Erronkak, 2023. urteko edizioan, Errigora ekimena omenduko du. Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora eta, horrenbestez, bete-betean egiten du bat Euskal Herria Mendi Erronkaren izaerarekin eta balioekin. Izan ere, gure lasterketa, kirol ekitaldiaz gainera, gure eskualdean egiten den auzolan eta aldarri ozena da: mendizaletasuna bultzatzeko, euskal selekzioen ofizialtasuna eskatzeko, Mendialdea-Aralarko inguruaren garapenaren alde egiteko (Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldea), euskara sustatzeko, lurraldetasuna indartzeko eta ingurumena babesteko.
10 urteko ibilbidea egin du dagoeneko Errigorak, eta ekimen arrakastatsua izan da hasiera-hasieratik. Ekimen bakarrean bildu ditu, gainera, euskara, elikadura burujabetza, Nafarroako hegoaldea eta auzolana. Horrek berak onarpen zabala ekarri dio Euskal Herri osoan, eta urtero egiten dituen kanpainek harrera ezin hobea lortu dute.
Nafarroako hegoaldeko produktuak lurralde osora zabaltzeaz gainera, Nafarroako hegoaldean euskalgintzan ari diren eragile eta proiektuentzat laguntza ekonomiko esanguratsua ere bideratu du Errigorak. Aipatzeko modukoa da, besteak beste, hainbat jarduera eta proiektu sustatzen, antolatzen eta laguntzen ari den Agerraldia ekimena, Errigoraren baitatik sortua. Hori guztia, gainera, EHMErentzat ere ezinbestekoa den auzolanaren balioan oinarrituta.
IX. edizioan eginen zaion omenaldi honen bitartez, beraz, Errigoraren lanari eta ekarpenari aitortza zintzoa egin nahi dio Euskal Herria Mendi Erronkak. Horrelako ekimenei esker, izan ere, zabaltzen, sendotzen eta errotzen baita Euskal Herriaren izena eta izana.